XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Testuaren egokitasuna

A.4.2.1. Solaskideen papera, leku soziala, igorlearen asmoa

Solaskideen arteko harremana eta elkarrekintza.

Solaskideen adin, lanbide, maila kultural, interes, estatus sozial, lagunartekotasun, elkarren ezagutza, etab.ek, beraz, beren eragina dute testuan.

Alegia, solaskideak zenbat dakien gorabehera jakin batez, zer interesatzen zaion, ba al duen uste ustelik, elkar ezagutzen duten ala ez eta abar luzeak guztiz bideratzen du testua.

Ama batek ez dio berdin hitz egiten hamasei urteko seme alabari edo bizpahiru urtekoari.

Zergatik?

Solaskidearen adinak hala eskatzen duelako.

Lagun arteko gazte koadrilan ere ez da gurasoekin bezala hitz egiten.

Zergatik?

Solaskideen ezaugarriak ezberdinak direlako, noski.

Are gehiago.

Solaskideen arteko paper sozialak ere komunikazio modua (testua) baldintzatu egiten du: zein paper sozial, zein rol, betetzen ari garen (irakasle/ikasle, ama/alaba, ugazaba/morroia, saltzaile/erosle, informazio emaile/informazio hartzaile...) erabateko islada du horrek testuan.

Irakasle baten komunikazio modua, adibidez, ez da berdina irakaslearena egiten ari denean eskolan edo denda batean eroslearena egiten ari denean edo errenta aitorpena egiterakoan aitorle moduan dagoenean ogasun inspektorearen aurrean.

Kontestu horietan, irakasle horren paper sozialak ezberdinak izatean, komunikazio modua, hitz egiteko modua, ezberdina izango da.

Leku edo inguru soziala.

Eskolako gela, aisiarako lekua, zinema aretoa, liburutegia, etxea, abokatu baten bulegoa, medikuaren kontsulta-gela, eliza... gerta daitezke solaskideen komunikazio marko.

Denetan hemen deiktikoa erabilita ere, hemen horren nolakotasuna ezberdina da.

Marko konkretuak egundoko eragina du, eta halakoa, ezen ama-alaba berberek ere, adibide baterako, beren arteko harremana eta komunikazioa modu desberdinean burutzen duten etxean ari direnean solasean ala medikuaren kontsultan.

Gu geu ere ezberdin moldatzen gara (komunikatzen gara) ikasgela berean klase arrunteko orduan eta azterketa orduan.

Leku bera izanda ere, funtzio sozial ezberdina hartu du ikasgelak.

Asmo komunikatiboa.

Gertaera komunikatibo guztiek asmo bat izaten dute.

Beti dago presente asmo hori igorlearengan: sentimenduak (etsipen, haserre, harridura..) adieraztea, zerbait eskatu edo ukatzea (baimena, mesedea...), gertatutakoa kontatzea, proposamenak egitea, norbera aurkeztea, entzulea zerbaitetaz komentzitzea...